Home

   

 

 

>English

Español

       

 

>

 

 

 

 

 



 

Kronika.net

Adarraga

ERREPORTAJEA

Adarragatarrak, Hernaniko kirolean aitzindariak

Hernanin Adarraga abizena oso ospetsua da gozo kontuengatik, eta, hain zuzen, gure bazkariak hain ederki betetzen dituzten ´hojaldre` eta ´brazo gitano`engatik. Abizen horrek, dena den, beste hainbat pasarte gordetzen ditu, horietako asko kirolarekin lotutakoak. XX. mende hasieratik erdialderaino, zeresan haundia eman zuten adarragatarrek, herri mailan eta baita haratago ere.

2007/10/27 - Larunbata

Jon Ijurko

XIX. mendearen bukaeran bost haur jaio ziren Adarraga-Gorrotxategi familian, Kale Nagusiko 46 zenbakiko hirugarren pisuan: Luis, Ramon, Javier, Maria eta Pepe. Gerora haurrak kozkortu eta kirolean aritu ziren buru-belarri.Denboran aurrera joan ahala estutu egin zen adarragatarren eta kirolaren arteko harremana eta hauen seme-alabek ere kirolaren bidea hartu zuten...mailarik goreneraino iritsi arte.

Javier Adarragaren omenez Logroñoko frontoia

Lehenengo nabarmendu zen kirolaria Javier Adarraga Gorrotxategi izan zen. Honek 1924an Parisen egin ziren joku olinpikoetan parte hartu eta irabazi egin zuen, pala jokoan. Gaur bezala, orduan ere pelota eta pala ez ziren kirol olinpikoak, baina munduko onenen artean onena kontsidera zitekeen Javier Adarraga.

Palaz gain, txirrindularitza ere oso gustoko zuen, eta horren adierazle, Logroñora ezkondu eta gero, Errioxako pelota eta txirrindularitza federazioak sortu izana. Horregatik daramaki Logroñoko frontoiak Adarraga izena, bere omenean jarria. ´Javier oso saiatua zen eta berrikuntzak ere egin zituen txirrindularitzan. Esaterako, manilar bikoitza eta plater obalatua probatu zituen` dio Manolo Adarraga bere ilobak.

Beste anai-arrebak ez zuten Javierren ibilbidearen parekorik egin, baina kirolaren munduan ibili ziren baita ere. Pepe (Joxe) Adarragak, bostetan gazteenak, atletismoari ekin zion eta Donostiako Fortuna taldean aritu zen 1940 urtean CD Hernani sortu zuen arte beste kirol zale batzuekin. Horrez gain, San Joan jaietan jokatzen den ‘Atleta Osoaren proba’ ere berak sortu zuen. Manolo Adarragak ederki gogoratzen ditu probaren ibilbidea eta ezaugarriak: ´Igeri Karabelen egiten zuten, Urumea ibaian, eta soka bat jartzen zuten batzuk ez zekitelako igeri. Hori bai, beti txirrindulariek irabazten zuten`.

Luis ere oso ospetsua izan zen bere denboran Hernanin eta ‘Campeon Vasco-Navarro’ izatera iritsi zen txirrindularitzan. Manolo bere ilobak gogoan ditu udaletxean egin zizkioten harrerak, Plaza jendez gainezka zela. Gerora hamabi seme-alaba izan zituen Luisek, tartean Juan Bautista, Bernardino, Jose Luis, Fernando, Agustin eta Karmen kirolari finak.

Ramon atletismoan eta, batez ere, futbolean aritu zen. Madrilen ikasketak egiten zituela, bertako Gimnastica taldean jokatu zuen, Atletico de Madrid-en kontra, besteak beste.

Hurrengo belaunaldian txapeldun haundiak atletismoan

Luis Adarraga Gorrotxategik eta Benita Elizaran Ugaldek, ezkondu, eta hamabi seme-alaba izan zituzten. Hauetako batzuk arrakasta haundia izan zuten 40 eta 50eko hamarkadetan, batez ere atletismoan, baina baita saskibaloian eta palan ere.

Denetan ospetsuena Juan Bautista izan zen. Joku olinpiko batzuetan parte hartzea lortu zuen (1948an Londresen) eta Espainiako txapelduna izan zen, 800 eta 1.500 metrotan. (Hurrengo argazkian, Tolosako Berazubi zelaian irabazi zuen txapelketa, 1944an). 800 metrotan, Espainiako errekorra lau aldiz hautsi zuen. 400 metro hesietan ere hautsi zuen Espainiako errekor bat, 1949an. Ez da ahaztu behar, J. Bautista, bere aita bezala, txirrindulari fina izan zela baita ere, eta futbolean eta errugbian ere aritu zela.

Jose Luis ere kirol askotan ibili zen baina atletismoan ondoen. Pentatloian Espainiako errekorra izan zuen eta 4x400 erreleboetan ere estatuko txapelduna izan zen.

Karmen Adarraga saskibaloi jokalari aparta izan zen eta Espainiako selekzioan jokatzera iritsi zen. Manolo Adarragak gogoratzen duenez, dohai bereziak zituen kirolerako eta kirolzaleen arreta piztu zuen, Manoloren esanetan: ´Tolosako Berazubi zelaia egin zuten Iguaran anaiek atletismo proba batzuk egin arazi nahi zizkioten Berazubin, baina Karmen ez zen animatu`.

Bernardino, atletismoko modalitate gehinetan moldatzen zen ondo, beraz dekatloiari ekin zion. Espainiako txapelduna izan zen lau alditan eta 1954ean Mediterraneoko jokoetan urrezko domina ere lortu zuen.

Fernando zen hamabi anai-arrebetan gazteena. Altuera eta pertiga jauzietan ibili zen, eta azken modalitatean Espainiako txapelduna izatea lortu zuen, 1952an, 17 urte besterik ez zituela. Joku Iberoamerikarretan urrezko domina ere lortu zuen eta han Miguel de la Cuadra-Salcedorekin lehiatu zen. ´Hura Amazonasera joan zen eta Fernando eraman nahi izan zuen, baina ez zuen lortu. Tolare kofradiako kide izendatu zutenean, de la Cuadra-Salcedok galdetzen zuen ´Ez al dago adarragatarrik hemen, edo zer?`.

Agustin palan eta beste kirol ba-tzuetan ibili zen, baina emaitza onenak squash-ean lortu zituen, beterano mailako munduko txapelduna izan baitzen Australian, bere egungo bizilekuan.

Belaunaldi horretako adarragatar gehiago ere izan dira kirolean aritu direnak, jakina. Esaterako Peperen seme Manolo Txokolo errugbian eta futbolan (CD Hernanin), eta Antton txirrindularitzan aritu ziren.

* Bibliografia:

´80 años de atletismo en Hernani` Gonzalez ‘Matxain’, Evaristo, 1994.

 

Adarraga Memoriala, urtez urte
Pepe Adarraga CD Hernaniko sortzailea omentzen

Adarraga Memorialak aurten bete ditu 44 edizio. Atletismoaren festa horren helburua da CD Hernani kluba sortu zuen Pepe Adarraga omentzea, eta urtero hainbat korrikalari gazte eta heldu etortzen dira Landare zelaira, kros modalitatean lehiatzeko. Azken urteetan haur eta gazteek soilik hartzen zuten parte Memorialean, Gipuzkoako eskolarteko txapelketa ere bazelako, baina aurten seniorrak atera dira berriro eta Agustin Jimenez eta Nerea Amilibia izan dira irabazleak.

1958tik Pepe Adarragaren omenez
Atletismoak tradizio haundia izan du Hernanin eta 1942an hasi ziren kros txapelketa antolatzen, geroago Adarraga Memoriala izena hartuko zuena. 1958an bataiatu zuten modu horretara, urte bat lehenago Pepe Adarraga, CD Hernaniko sortzaile eta lehen lehendakari izan zena hil zelako. Pepe Adarraga korrikalaria eta atletismo zale sutsua zen eta orduko probetan parte hartu eta beste korrikalariei laguntzen zien (Prudentzio Aierra, Miguel Sukunza eta abar).
CD Hernani 1940an sortu zuten Adarragak eta beste kirol zaletu batzuk (Antonio Yeregi, Juan Otamendi, Julian Erdozia eta Marcial Laskibar) eta hasieran atletismoa zen kirol nagusia, denborarekin futbola nagusitu zen arren.

70eko hamarkadan dizdira gehien
70eko hamarkadan izan zuen dizdira gehien Adarraga Memorialak, goi mailan ibiltzen ziren korrikalariak hasi baitziren etortzen Landarera, esaterako: Mariano Haro, Pepe Haro, Santiago Delaparte, Carmen Valero eta abar.  Korrikalari hauek 1973 eta 1977 arteko urteetan etorri ziren. Urte haietan Club Atletico Urumea sortu berriak hartu zuen proba antolatzeko ardura eta korrikalari hobeak ekartzeko apustua egin zuen. 1978tik aurrera, berriz, filosofia aldaketa izan zen berriro, eta inguruko korrikalariak hartu zuten berriz ere protagonismoa. Horrela jarraitu zuten 1989 urtera arte, Adarraga Memoriala antolatzeari utzi zioten urtea. Azken hamarkadan berpiztu da berriz Adarraga Memoriala eta 2008an 45garren edizioa jokatuko da.